2024-12-23
HomeEkintza SindikalaBadugu prekarietatea gainditzeko proposamena, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Eredua

Badugu prekarietatea gainditzeko proposamena, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Eredua

Maiatzaren 28an Bilbon egindako “Langileok bideak batuz, Euskal Herria contra la precariedad” manifestazioan eta ondoren federazioz federazio burututako Borroka Astean, prekarietatearen milaka aurpegi agerian utzi eta alternatibak badirela aldarrikatu dugu. Gaur, pairatzen dugun egoerari aurre egiteko proposamena aurkeztu dugu: Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Eredurako proposamena. Gaurkoa EAEri begirakoa izan da. Nafarroakoa martxoan aurkeztu genuen.

Pairatzen dugun prekarietatea politika jakin batzuen ondorioa da, beraz, beste norabide bat hartzea borondate kontua da. Gaur egungo egoerak badu alternatiba eta horretarako proposamen zehatzak egiten ditu LABek: negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurrean marko propioa aldarrikatzen dugu; enplegua sortu, banatu eta duintzeko 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan-astea exijitzen ditugu, baita neurri hauek emakumeengana iristea bermatzea ere; eta, hori guztia posible izan dadin, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako euskal eredua izatea ezinbestekotzat jotzen dugu.

Ainhoa Etxaide LABeko Idazkari Nagusiak azpimarratu du kurtso honetan LABen asmoa “konfrontazio garai berri bat sortzea” izan dela; proposamen honekin “konfrontazioaren azken aldagaia” jartzen dugu mahai gainean. Patronalaren erabakiek eraman gaituzte konfrontazioaren bidera, egindako proposamen guztiei ezezkoa eman dielako, gaur egungo blokeo egoera inposatuz. Etxaidek argi adierazi du: “behartuta gaude konfrontazioaren bidea hartzera”. LABen iritziz, borroka honek euskal esparruan negoziazio kolektiboa berreskuratzeko eta horren gainean eredu propio bat eraikitzeko bidea zabaltzeko balio behar du.

Horretarako ibilbide orri bat dugu esku artean. Lehenik eta behin “langileen aktibazioa bultzatzea” lantokiz lantoki ekintza sindikala indartuz eta lantokietatik kanpo prekarietatearen kontrako mobilizazio soziala sustatuz. Bestetik, akordio intersindikala berreskuratzea. Etxaideren arabera, “negoziazio kolektiboa berreskuratuko badugu eta euskal esparrua eredu berri baten gainean berreraikiko badugu guk uste dugu derrigorrezkoa dela akordio sindikalak egitea euskal sindikatuen artean”. Eta amaitzeko, bide hori jorratzeko konpromisoa bereganatzen duen esparru politiko instituzionalarekin “elkarlana bilatzea” planteatzen da. Gaur aurkeztu dugun proposamena nagusiki hirugarren urrats horri begirakoa da. Parlamentuari zein Eusko Jaurlaritzari egiten diogun elkarlanerako eskaintza bat da, alternatiba berri baten gainean.

CEOE eskatzen ari den erreforma berrien aurrean, baita Confebaskek ezarri nahi duen ereduarekiko justu kontrako norabidean doa LABek defendatzen duen eredua. “Alternatiba bat da prekarietatea eta pobrezia ekartzen duen ereduaren aurrean” aldarrikatu du Etxaidek. Eredu sozial berri baten ardatza izatea da LABen asmoa, “ezin baita Euskal Herriaren etorkizuna zuzendu pobrezia eta prekarietatera kondenatzen gaituen eredu batekin”.

Bide hau hartzea posible da borondate politikoa egonez gero, baina ez daukagu lan legediarik eta negoziazio kolektiboa estatalizatzen ari dira. Lan harremanetarako eredu propio bat eraikitzeko “ezinbesteko diren bi baldintzak” dira horiek. Horretaz hitz egin gabe estatus politiko batez hitz egitea “iruzurra” dela adierazi dute LABeko bozemaleek. Hori horrela izanik ere, gaurko eskumenetatik abiatuz prekarietateari aurre egiten hastea posible dela defendatu dute, beraz “horiek arakatu behar dira eta falta zaizkigunak eskuratu”.

LABen argi dugu. Proposamen honekin emaitza desberdina izango litzateke, baita ibilbidea bera ere. Inposaketa baztertu eta akordioetan oinarritzen den eredu bat eraikitzeko proposamena da. Lan munduan ematen diren interes ezberdinen gatazkan gehiengoaren interesak babesten ditu. Hau da, Confebask edo langileen protagonismoarekin eraikitzen da lan eredua? “Hor erabakigarria izango da zer egiten duen Jaurlaritza berriak”, Etxaideren hitzetan. Jaurlaritza berriak lan eredu berri bat eraikitzeko konpromisoa bereganatu behar du. Hori izan behar da bere erronka bizi dugun egoera sozialaren aurrean aldaketa bultzatuko baditugu.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...