2024-12-27
HomeEkintza SindikalaPrekarietatea salatuko dugu bihar Ezkerraldean, Megapark zeharkatuko duen manifestazioaren bitartez

Prekarietatea salatuko dugu bihar Ezkerraldean, Megapark zeharkatuko duen manifestazioaren bitartez

LABek manifestaziora deitu du biharko, Ezkerraldeko langile askoren prekarietate egoera salatzeko. Martxa Barakaldoko Megaparkeko gasolindegitik abiatuko da, 11:00etan, eta, protestaz gain, prekarietatearen lehen lasterketa egingo dute: garailea gehien irabazten duen enpresa izango da, langileei baldintza prekarioenak ezarrita. Dominak Confebask, Eusko Jaurlaritza eta EAJko ordezkariek banatuko dituzte; baldintza prekarioak ezartzea ahalbidetzen dituzten arduradunek, hain justu.

LABek nabarmendu du Ezkerraldean langile behartsuak daudela. Askok diru sarrerak bermatzeko errenta (RGI) eskatu behar dute, pairatzen dituzten lan baldintza prekarioak direla medio. Adibide moduan, merkataritzan eta elikagaigintza arloetan Estatu mailako hitzarmenaren menpe daude, eta jasotzen duten batez besteko soldata 750 eurokoa da. Hala ere, emakume asko daude soldata txikiagoarekin, lanaldi osoko kontraturik ez dutelako.

Prekarietatea ere industriara iritsi da, kontratazio berriek ez baitituzte garai bateko eskubideak jasota. Hortaz, Ezkerraldeko gazteria emantzipatu ezinik eta emigratzera zigortuta egoten da. Gainera, langile gehien dituzten enpresetan, udaletan eta Gurutzetako Ospitalean, okerrera egin du egoerak. Enplegua sortzeko iturri izan beharko lirateke enpresa publiko hauek, baina murrizketak besterik ez dituzte egin.

Egoera honen aurrean, LABek biharko manifestaziora deitu ditu Ezkerraldeko langileak, prekarietatearen aurka borroka dezaten, sindikatuak datozen hilabeteetan kapitalismoak eragindako gaitz honen aurka egingo duen dinamikaren baitan. Hain zuzen ere, Ezkerraldeko langileen lekukoa beste eskualdetakoek hartuko dute martxoa bitartean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.