2024-09-27
HomeEkintza SindikalaNafarroan ere, maiatzaren 30ean langileok kalera!

Nafarroan ere, maiatzaren 30ean langileok kalera!

Nafarroan ere estatalizazioaren aurka mobilizatzeak duen garrantzia azpimarratzeko Garbiñe Aranburu, LABeko idazkari nagusia eta Imanol Karrera, Nafarroako bokaliak, agerraldia eskaini dute Iruñeako egoitzan. Estatalizazioak Nafarroan duen eragina azaltzen duen dosierra aurkeztu dugu bertan.

 

LAB sindikatuak lanuzte eta mobilizazio eguna deitu du maiatzaren 30erako, gutxi gorabehera 120.000 nafar langileren lan baldintzak okerragotzen dituen estatalizazio prozesu mantso baino etengabearen aurka. Espainiako estatuaren esku-hartzerik gabe, Nafarroako lan harremanak Nafarroan ezartzearen aldeko egin dute Garbiñe Aranburuk eta Imanol Karrerak Iruñean emandako prentsaurrekoan.

Imanol Karrera LABen Nafarroako bozeramaileak aletu ditu sindikatuak eginiko azterketaren datuak [ikus ohar honekin batera bidalitako dosierra] eta adierazi du estatalizazioak prekarietatea ekartzen duela, Nafarroan erabaki daitezkeen lan baldintzak baino okerragoak ezartzen baititu. “Eta, alde horretatik, salatzekoa da CEN patronalaren, eta UGT eta CCOO sindikatuen jarrera. LABek eta ELAk eskaini zieten lanbide arteko akordio bat egitea, Nafarroako langileen lan baldintzak blindatuko zituena. Baina beraiek muzin egin zioten. Nahiago izaten baitute lan baldintza prekarioagoak sinatu”. Karreraren hitzetan, erasora jo behar dute nafar langileok, “miseria eta pobreziaren kontra”, “geure lan harremanak Nafarroan erabakitzearen alde”.

Garbiñe Aranburu LABen idazkari nagusiak, bere aldetik, estatalizazio prozesua Espainiako estatua garatzen ari den inboluzio politiko-sozialaren barnean kokatu du. Inboluzio horrek hiru ardatz ditu. “Batetik, autonomien muga zein den ezartzen ari dira argi eta garbi Katalunian 155. artikulua ezarrita. Bigarrenik, eskubide zibil eta politikoak urratzen ari dira. Eta hirugarrenik, eredu ekonomiko liberala inposatzen ari dira”. Aranburuk hirugarren ardatz horretan paratu du lan harremanen estatalizazioa. “Estatalizazioa ikustea kostatzen da, gutxika-gutxika ari baita gertatzen. Baina etengabe ari dira gure erabaki esparruan sartzen”. Aranbururen hitzetan, estatalizazio prozesua bultzatzen dutenek solaskide sindikalak aldatu nahi dituzte, lan hitzarmen “merkeagoak” lortzeko.

Estatalizazioari aurre egiteko, gizarte osoaren borrokaren beharra azpimarratu du Aranburuk. “Borroka soziala bizirik dago, pentsionisten, emakumeen edota beren lan baldintzen alde borrokatzen diren langileen mobilizazioetan ikus daitekeenez. Baina sindikalismoaren erronka da beste urrats bat egitea, pairatzen ari garen prekarietate mailaren tamainakoa”. Aranbururen ustez, ez dira gutxi greba orokor baten beharra azpimarratzen duten ahotsak, eta horren adibide da ekainaren 19rako CIG sindikatuak Galizian deitua duena. “Oraingoz, guk, gure aldetik, mobilizazio eguna deitu dugu maiatzaren 30erako. Eta bi orduko lanuztea ere erregistratu dugu. Eta dei egiten dugu, LABen liberatu eta delegatuetatik harago, estatalizazioaren kontra dauden langile guztiak mobiliza daitezen”.

 

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak aldatu behar direla

EAEko parlamentuan gaurko egunez EAJ, EHBildu eta PSE alderdiek onartu duten akordioak baieztatu egiten ditu sindikatutik eremu horretan salatu izan ditugun arazoak.

Garraiolari bat hil da lan-istripuz Nafarroan

Gaur goizean langile gipuzkoar bat zendu da gai arriskutsuak garraiatzen ari zela Lodosan. 2024an dagoeneko 10 garraiolari hil dira Euskal Herrian. Orotara, 43 langile hil dira lan istripuz, laneko gaitzak aintzat hartu gabe.

Enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Joan den irailaren 23an, EHLABEk, enplegu-zentro berezien patronalak, Mikel Torres EAEko lehendakariordearen eskutik, sei urteko gizarteratze eta laneratze proiektua aktibatu zen. Honen helburua aniztasun funtzionala duten 2.000 pertsona baino gehiago prestatzea, gizarteratzea eta laneratzea da; Lan-Aukera izena eman zaio, eta Europar Batasunak finantzatuko du, 10 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.