2025-03-16
HomeEkintza Sindikala"Borrokak kalera atera behar ditugu, emakumeak edo pentsiodunak egiten ari diren moduan"

“Borrokak kalera atera behar ditugu, emakumeak edo pentsiodunak egiten ari diren moduan”

LABek langileak deitu ditu maiatzaren 30ean estatalizazioaren kontra antolatutako mobilizazio eta lanuztearekin bat egiteko.

LABek maiatzaren 30ean hitzarmenen estatalizazioaren aurka eta Lan Harremanen eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsan deitu dituen lanuzteak erregistratu ditu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Hain zuzen ere, mobilizazio orokorra egiteko eguna izango da maiatzaren 30a, eta, langileen parte hartzea ahalbidetzeko, bi orduko lanuzteak deitu ditu sindikatuak.

LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiaren hitzetan, “langileon garaia da. Lan zentru eta sektoreetan egiten ari garen borrokak kalera atera behar ditugu, emakumeak edo pentsiodunak egiten ari diren moduan. Langileei dei egiten diegu maitzaren 30eko mobilizazio eta lanuztearekin bat egiteko, prekarizazio eta estatalizazioaren kontra eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde”.

Ugartemendiaren hitzetan, “Euskal Herrian lan egiten dugu, eta berton nahi dugu gure lan baldintzak erabaki. Inboluzio politiko eta soziala pairatzen ari gara, eta patronalak eta botere politikoen arteko aliantzak lan baldintza prekarioak inposatu nahi dizkigute. Estatalizazio estrategia aurrera eraman nahi dute horregatik, eta zentralizazioa, blokeoa, negoziazio eremu berriak ez irekitzea eta aurrekontuen legeak baliatzen dituzte horretarako”.

Honek guztiak euskal langileentzat ondorio larriak dituela nabarmendu du LABeko ordezkariak: “Estatuko lan baldintzak inposatzen ari zaizkigu. Gero eta prekarioagoak gara, eta gure erabakitzeko eskubidea ukatu nahi digute”.

Maiatzaren 30eko mobilizazio egunaren harira, LAB hasi da federazioz federazio, eskualdez eskualde, batzarrak egiten egun horretan erantzun sendo bat emateko helburuarekin.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Confebasken jarrera harroputz eta esplotatzailearen aurrean mobilizatzera joko du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok apirilaren 3an mobilizatuko gara, eta deia egiten dugu apirilaren 5ean pentsiodunen mugimenduak gutxieneko pentsio eta soldata duinen alde deituriko mobilizazioetan parte hartze hartzera.

Eusko Jaurlaritzak autoritarismoa alde batera utzi eta bere ardurapean dauden 100.000 pertsonen lan baldintzak hobetu behar ditu

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea deitu dute martxoaren 18rako, Eusko Jaurlaritzari sektore publikoko langileen aldarrikapenak aintzat har ditzala eskatzeko. Egun horretan bertan...

LABek salatzen du EEEren negoziazioan argi geratu dela Guardianek duela asko zuela programatua lantegiaren itxiera

LABetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu Guardianek aurkeztutako kaleratze kolektiborako espedienteari. Erabaki honek 171 lanposturen suntsiketa eta eskualdeko enpresa enblematikoenetako bat ixtea ekarriko du. Ez ditugu onartzen enpresak neurri drastiko hau justifikatzeko emandako arrazoiak, ez baititu behar bezala frogatu. Are gehiago, EEE aurkezteko aipatzen dituzten arrazoiak multinazionalak berak eragindakoak dira.