2024-12-22
HomeEkintza SindikalaGrebara deitzea proposatu dugu Akordio Interprofesionalaren inpugnazioak dakarren estatalizazioari aurre egiteko

Grebara deitzea proposatu dugu Akordio Interprofesionalaren inpugnazioak dakarren estatalizazioari aurre egiteko

LABek agerraldi bat egin du gaur Donostian, Akordio Interprofesionalaren inpugnazioak sortutako egoera larriaren aurrean bere irakurketaren berri emateko. Inpugnazioak berebiziko larritasuna du, hemengo negoziazio kolektiboari eta Lan Harreman eta Babes Sozialeko Euskal Esparruari argiki eraso egiten diolako, hitzarmenen estatalizazioan sakonduz. Izan ere, negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe ez dago autogobernuaz edo erabakitzeko eskubideaz hitz egiterik. Gainera, lan baldintzen prekarizazioa ere areagotzen du hitzarmenen estatalizazioak. Egoeraren aurrean, LABek proposamenak jakinarazi eta ekimenak iragarri ditu; greba egitearen proposamena, besteak beste. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak, Eulate Zilonizaurrekoetxea Industria Federazioko arduradunak eta Saul Arangibel Zerbitzu Pribatuen Federazioko arduradunak hartu dute parte agerraldian.

"Egoeraren larritasunak eskatzen duena da lan munduan sektore guztietara zabalduko den greba batekin erantzutea. Estatuko hitzarmena aplikatzen ari diren enpresa horiek beraien asmoetan atzera egin dezaten, estatuko hitzarmenen menpe eremu berririk egon ez dadin eta enplegu duina eta negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzeko, erabaki ahalmen osoa eskuratu eta Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraiki ahal dezagun. Sindikatuekin konpartituko dugu gogoeta hau".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, gaur egindako agerraldian esandakoak. Hain zuzen ere, maila sindikalean, LAB eta ELAk irailean aurkeztu genuen aldebakarreko burujabetza prozesu sozial baten aldeko aldarria, eta bertan konpromiso batzuk gureganatu genituen. Konpromisoen artean zegoen negoziazio kolektiboan gure esparruan adosturikoa betearaztea eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioari aurre eginez, lan harremanetarako esparru propioa osatzeko urratsak ematea. Honetarako eta injerentziak geratzeko, mobilizazioa ezinbestekoa da.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "eragile politikoekin ere bilerak eskatuko ditugu. Autogobernu ponentziaren eztabaida zabalik dago. Ezin da autogobernuaz hitz egin negoziazio kolektiborako eskubidea bermatua ez badugu. Alderdiak interpelatuko ditugu, Akordio Inteprofesionalaren aldeko defentsa instituzionala egin dezaten, eta estatus politiko berrian Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua garatzeko bermeak jaso ditzaten. Erantzunen arabera, datozen asteko mobilizazioak diseinatuko ditugu".

Lan harreman eredua, laneko legedia eta negoziazio kolektibo ereduaren araberakoa da. Ez dugu eskuduntzarik enplegu gaietan eta negoziazio kolektiboa, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren zutabe garrantzitsua izanik, Akordio Interprofesionalaren inpugnazioa, epaiketan aurrera egin edo ez, oso larria da. "Ez gara epaitegietako eztabaidak zer ematen duen ikustera mugatuko, mobilizatu egingo gara. Bertako patronala eta sindikatuen artean adosturiko akordio bat bertan behera uzteko saiakerak erantzun indartsua eskatzen du", berretsi du LABeko idazkari nagusiak.

Izan ere, inpugnazioak aurrera egingo balu, egoera are babesgabeagoa izango litzateke: "Inpugnazioa, dugun burujabetza maila mugatuaren kontrako eraso zuzena da. Injerentzia argi bat da, 155. artikulua lan harremanetara ekartzea dela esan dezakegu. Bertako hitzarmenak negoziatzeko dugun eskubidearen kontra jotzen du zuzen zuzenean, euskal langileon erabaki ahalmena erabat mugatuz".

Garbiñe Aranbururen esanetan, euskal langileok gure lan baldintzak negoziatzeko eta erabakitzeko eskubidea izan behar dugu. Negoziazio kolektiboak duen garrantziagatik, negoziazio kolektiborako euskal esparrua, inolako injerentziarik gabe, defendatzeak lehentasunezko borroka izan beharko luke eragile sindikal eta politikoentzat: "Erasoa larria da, eta tamainako erantzuna eman behar da. Negoziazio kolektiborako marko propioa defendatzen dugunoi dagokigu iniziatiba hartzea, lantokietan, kalean eta instituzioetan euskal esparruaren aldeko borroka eta ekimenak aurrera eramanez".

Bertako negoziazio eremua babesteko
2017ko urtarrilean Akordio Interprofesionala sinatu zen, gure hitzarmenak, azken lan erreformen aplikazioarekin, estatu mailatik jasotzen ari diren erasoei aurre egiteko, hau da, berton negoziatzeko debekuak edo berton zer gaiak negoziatu murrizteko.

Orain, gure negoziazio eremua babesteko tresna hau, estatu mailako patronal batek inpugnatu du (FEARDS), estatu mailako hitzarmenak aplikatze jarraitu ahal izateko.

Inpugnazio honek aurrekari bat badu, Ostalaritzako Akordio Markoa inpugnatu baitzuten CCOO eta UGTk, argi utziz estatalizatzen duena ez dela patronala bakarrik. Lehen Ostalaritzako Akordio Markoa, eta orain Akordio Interprofesionala inpugnatu du kolektibitateetako patronal batek. EAEn gure negoziazio esparrua babesteko sortutako tresna bi estatutik inpugnatuak izan dira.

Estatalizazioak, eta hau hedatzea bilatzen duten inpugnazioak, alde batetik euskal langileon erabaki ahalmena ukatzen du. Bestetik, ordezkaritza sindikalak aldatzen ditu (patronalari ondo datorkio, CCOO eta UGTrekin hitzarmen merkeagoak sinatzen dituelako). Azkenik, prekarizazioa hedatzen du.

Ostalaritzako Akordio Markoa inpugnatuz eta berton negoziatzeko debekuak edo murrizketak txertatzen dituzten estatu mailako hitzarmenak adostuz estatalizaziori bide ematen ari diren CCOO eta UGTk, ez dute oraindik ezer esan Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren inguruan. Oso deserosoa eta kontrajarria da, Madrilen estatalizazioari bide ematea eta berton, estatalizazioari aurre egiten dion akordio bat defendatzea.

Argi esan behar dugu ere, estatalizazioa gertatzen ari dela Akordio Interprofesionalaren egitura akordioa egon arren, patronalak hitzarmenak ez desblokeatzea erabaki duelako. Beraz, Confebask ere, Akordio Interprofesionala sinatu arren, ez da marko propioa indartzen ari eta horrek erraztu egiten du estatalizazioa. Hauek ere isilik daude Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren aurrean.

Zoritxarrez, Euskal Herriko langileen prekarizazioa bilatzen duen estatalizazioak aurrera darrai. 2011tik 2017ra, gurean, estatu mailako hitzarmenen aplikazio eremua %21etik %34ra igo da. Hau da, 6 urteko epean %20ko igoera izan du.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...