2024-09-26
HomeEkintza SindikalaKezkaz jaso dugu Europako Epaitegiaren irizpide aldaketa

Kezkaz jaso dugu Europako Epaitegiaren irizpide aldaketa

Europar Batasunako Justizia Epaitegiak behin behineko langileen kalte ordainen inguruko bi sententzia kaleratu ditu. Sententzia hauetan modu nabarmen batean bere garaian aitortutako diskriminazioa existitzen ez dela ebazten du, finkoak ez diren langileen kalte-ordainak finkoen kalte-ordainekin parekatu behar ez direla hain zuzen. 2016 amaieran emandako ebazpenak kontutan hartuta, 180 graduko doktrina aldaketa suposatzen du honek.

Ebazpen hauek ziurgabetasun egoera batean kokatzen dituzte milaka langile. Guztiok dakigu gaur egun lan merkatuaren ezaugarri nagusia behin behinekotasuna dela eta langile kolektibo hauentzat sekulako kolpea suposatuko du doktrina juridikoaren norabidea aldatzeak. Babes maila txikiena daukan langile kolektibo honentzat berri onak iritsi ziren Europako Epaitegietatik duela hilabete batzuk, orain ordea langile finkoekin daukaten ezberdintasuna handitua ikusiko dute zalantzarik gabe.

Iritzi aldaketa hau ordea ezin da ulertu sektore publikoan dagoen egoera kontutan hartu gabe. Atzo ateratako bi ebazpen horietako bat administrazio publikoetako kudeatzaileen buru hauste handi bat konpontzera etorri da zalantzarik gabe. Bitarteko langileak (interinoak) beraien lan harremana amaituta ikusten dutenean kalte ordaina jasotzeko aukera ez dagoela ebatzi du tribunalak, aurreko sententzietan aipatzen zen diskriminazioa existitzen ez dela esanez. Bitarteko langileez josita daude administrazioak, lanpostu estrukturalak betetzen. Urteak eta urteak ziurgabetasun egoeran eta gainera lan harremana amaitu eta kalte ordainik ez.

LABek esku beltzak ikusten ditu irizpide aldaketa honetan. Argi dago gobernuak gai honekin urduri zeudela eta Europako epaitegietatik irizpide aldaketa honen zain zeudela. Tamalgarria da gobernu ezberdinen jarrera, berriro ere langileen bizkar jartzen dute instituzioen gastu kontrola. Kasu honetan gainera, ziurgabetasunean eta babes maila baxuenean dagoen langile kolektiboaren bizkar.

Onartezina da gure ustez behin behinekotasun egoera hauek gure lan merkatuaren oinarri izatea, are eta gehiago sektore publikoan, non kontratazio eredua iruzurrezko interinitatean oinarritzen den. Susmagarria eta salagarria da Europako Epaitegiaren norabide aldaketa, administrazio merkantilistaren interesak defendatzen, lan merkatuan geroz eta gehiago diren behin behineko langileen diskriminazioa areagotzen ari dira eta.
Bukatzeko, iruzurrean dagoen behin behinekotasun egoeren kontra borrokatzeko deia egiten diegu langile guztiei. Horretarako prest dago LAB, bai sektore publiko zein eremu pribatuetan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak aldatu behar direla

EAEko parlamentuan gaurko egunez EAJ, EHBildu eta PSE alderdiek onartu duten akordioak baieztatu egiten ditu sindikatutik eremu horretan salatu izan ditugun arazoak.

Garraiolari bat hil da lan-istripuz Nafarroan

Gaur goizean langile gipuzkoar bat zendu da gai arriskutsuak garraiatzen ari zela Lodosan. 2024an dagoeneko 10 garraiolari hil dira Euskal Herrian. Orotara, 43 langile hil dira lan istripuz, laneko gaitzak aintzat hartu gabe.

Enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Joan den irailaren 23an, EHLABEk, enplegu-zentro berezien patronalak, Mikel Torres EAEko lehendakariordearen eskutik, sei urteko gizarteratze eta laneratze proiektua aktibatu zen. Honen helburua aniztasun funtzionala duten 2.000 pertsona baino gehiago prestatzea, gizarteratzea eta laneratzea da; Lan-Aukera izena eman zaio, eta Europar Batasunak finantzatuko du, 10 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.