2025-04-16
HomeEkintza SozialaHelduak eta PentsiodunakBat egiten dugu pentsionisten mugimenduak maiatzaren 11rako deitutako mobilizazioekin

Bat egiten dugu pentsionisten mugimenduak maiatzaren 11rako deitutako mobilizazioekin

LABek maiatzaren 11n Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak deituriko manifestazioekin bat egiten du eta bertan parte hartzeko deia luzatzen dio bere afiliazio eta militantzia guztiari. LABen batzorde exekutiboak ordezkaritza bana izango du Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko mobilizazioetan.

LAB presente egongo da Hego Euskal Herriko pentsionisten mugimenduak larunbat honetan, maiatzaren 11an, hiriburuetan deitutako mobilizazioekin. Testuinguru politiko honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da arreta pentsiodunen eskubideen defentsan jartzea eta instituzioek pentsio publiko duinak bermatzeko pausuak ematea. Dagoeneko 69 astelehen dira udaletxeen aurreko kontzentrazioak hasi zirenetik. Hego Euskal Herriko pentsionisten mugimendua giltzarria da urte luzeetako borrokaren ondoren eskuratutako eskubideen defentsan, baina ez hori bakarrik, eztabaida politikoa Euskal Herriak behar duen aldaketa sozialaren parametroetan kokatzeko jarraitu beharreko bidea ere erakusten digu.

1.080 eurotako gutxieneko pentsioa, lan zein pentsio erreformen derogazioa, pentsioen berbalorizazioa eta Babes Sozialerako Sistema Propioaren eraikuntza ezinbestekoak dira pentsionisten eskubideak bermatzeko. Pentsionisten mugimenduak zerbait erakutsi badu, aldaketa politikoak kalean lortzen direla da; aurretik aipaturiko aldarrikapen horiek ere borrokaren bitartez lortuko dira eta zentzu horretan, LAB bidelagun izango dute.

Maiatzaren 11n, pentsionista eta langileok kaleak hartuko ditugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.