LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak eta sindikatuko Heldu eta Pentsionisten arloko ordezkariek agerraldi bat egin dute gaur Bilbon, sindikatuak pentsioen egoerari buruz egindako txostena aurkezteko eta gaiaren inguruko irakurketa egiteko. "Sistema propio bat eraiki behar da, Gizarte Segurantzako euskal sistema bat", berretsi du Garbiñe Aranburuk.
Garbiñe Aranburuk ohartarazi du Espainiako Estatuko politikek ez dituztela pentsio duinak bermatzen eta pentsioak berak arriskuan daudela, hau guztia, politika publiko neoliberalen eta lan erreformen ondorioz: "Inposatzen diren neurrien helburua arlo publikoa murriztea da, arlo pribatua loditzeko. Kontu publikoetan kolapsoa eragin nahi dute, dagoeneko ematen ari dena, alternatiba gisa pentsioen funtsa eta plan pribatuak saltzeko".
Hau zehaztuta, LABeko idazkari nagusiak berretsi du politka neoliberalak errotik aldatzea dela konponbidea, eta horretarako Madrilera begiratzeari utzi behar zaiola nabarmendu du: "Sistema propio bat eraiki behar da, Gizarte Segurantzako euskal sistema bat".
Mobilizatzen jarraitzea behar beharrezkoa dela adierazi du: "Pentsio duinen borroka Gizarte Segurantzako sistema propio baten aldeko borrokarekin lotzea da erronka. Burujabetza behar dugu, Gizarte Segurantzan erabateko eskumena izan, sistema alternatibo bat eraiki nahi badugu Estatutik inposatzen digutenarekiko".
LABek zer proposatzen duen zerrendatu du ondoren. Hain zuzen ere, pentsio duinak bermatzeko bost oinarri proposatzen ditugu:
1) Hilean 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa, hemen eta orain
• Hilabetean gutxienez 1.080 eurotakoa izango den pentsioa eskatzea honakoan oinarritzen da. Europaren barruan gaude eta bertan, soldaten medianaren, ez batazkebestekoa, balioaren %60ak ematen digu aipatutako kopurua. Medianaren %60 da mugatzat jotzen den kopurua pobrezia arriskuan ez kokatzeko. Proposamen hau baliagarria da baita emakume pentsionisten egoeran pentsioen arrakalak sortzen duen diskriminazio egoerari erantzuteko.
• Botere publikoek bermatu behar dute orain zein etorkizunean pertsona guztiek euren pentsioa eskuratzea, eta horretarako, ulertzen dugu duina izango den gutxieneko bat zehaztu behar dela. Horregatik eskatzen dugu Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) edo Gizarteratze eta Bermatutako Errentaren (GBE) bidez Madrilen erabakitako miseriazko pentsioak osagarritzea. Konpetentzien gabezia honek pobretu egiten gaitu.
2) Pentsioen eros ahalmenari eutsi, KPIren arabera eguneratzearen bidez.
• Indize honi eusteak suposatzen du pentsioen eros-ahalmena bermatzea.
• 1.000 eurotik beherako pentsioetan, 2011-2017 artean %1,8koa izan da eros-ahalmenaren galera EAEn eta %0,3koa Nafarroan.
• 1.000 eurotik gorako pentsioentzat, 2011-2017, artean, %2,9koa izan da EAEn eta %1,3koa Nafarroan.
3) Pentsioen erreformak atzera botatzea
• Exijitzen dugu indargabetu izan daitezela Madrildik iritsitako pentsio-murrizketa etengabe eta gogorrak, inposizioaren, adostasun politikoaren edota CCOO eta UGT sindikatuek garatutako eztabaida sozialaren ondorio direnak.
• Etorkizuneko erreformen aurrean euskal esparrua blindatu behar dugu eta aurretik egindakoak lehengoratu, sistema publikoari balioa kendu eta berau suntsitzen dutenak.
• Toledoko Ituna ez da espazio neutrala zeinetan espero dezakegun egoera lehengoratzea, osatzen duten aditu eta gehiengo politikoak konpromiso handiagoa duelako finantza-interesekin pentsio-sistema publikoaren defentsarekin baino.
4) Gizarte Segurantzako euskal sistema
• Kontuan izanda pentsioen erreformak inposatu egin zituztela Hego Euskal Herrian, Greba Orokorrekin erantzunak izan baitziren, kontuan izanda pobretu egiten gaituztela eta kontuan izanda pentsio-sistema publikoaren gainean dauden mehatxuak, ezinbestekoa da gizarte segurantzako sistema propioa izatea konpetentzia legegile osoekin.
• Gainera, Hego Euskal Herrian dagoen korrelazioa bera, bai esparru politiko-instituzionalean bai sindikalean, gure interesen aldekoagoa da esparru estatalean baino. Honek ahalbidetuko luke euskal langileriak modu zuzen eta eraginkorragoan parte hartzea, bere interes propioen defentsan, bere lan-baldintza eta babes sozialerako funtsezkoak diren gaietan.
• Pentsio-sistemak errenten bermerako eta mundu guztia babestuko duen babes sozialerako sistema zabalago baten parte izan behar du.
5) Etorkizuneko pentsioak duinak izan daitezen, kalitatezko enpleguak izan behar du abiapuntua
• Lan Denboraren Banaketa orokortua soldata gutxitu gabe, enplegu osora eramango gaituena eta pertsona guztiek pentsio duina izan ahal izatera, bai kotizazio bai zergen bidez.
• Laneko Denboraren Banaketa laneko eta bizitza pertsonala modu efektiboan uztartzeko, eta ehun produktiboaren berreuskalduntzea laguntzeko.
• Soldatak eta laneko egonkortasuna nabarmen hobetzea.
• Zaintza-lanen korrespontsabilitatea, aukera berdintasuna eta emakumeen enplegurako sarbide-eskubideak bermatzea, eta soldata-arrakala diskriminatzailea erauztea.
• Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.200 eurotakoa izatea.