Aurtengo bigarren hildakoa da gaurkoa Correos enpresan. Lehenengoa abuztuaren 28an izan zen Gasteizen eta ordukoa eta gaurkoa ikusita, nabaria da lan baldintzak gero eta kaxkarragoak direla. Hau ez da kasualitatea, hau prekarietatea da. Bada garaia Correosek bere erantzukizunak har ditzan eta prebentzio zein lan osasunean benetako inbertsioa burutu dezan. Hobe luke langileen artean erruak banatzen ibili baino, arazoaren muinera jo eta langileen bizitzak arriskuan jarriko ez dituen enpresa politika egiten hasiko balitz.
Erakundeei, Eusko Jaurlaritzari, Lan ikuskaritzari eta Osalani dei egiten diegu behar bezalako ikerketa eta neurriak har ditzaten enpresa hauen aurrean, eta behar bezalako prebentzio politika ezarri eta kontrolatu dezaten. Beharrezkoa ikusten dugu eredu aldaketa, beharrezkoa da langileon osasuna, bizi eta lan baldintzak lehentasunezkoak izango dituen Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzea.
LAB sindikatutik langileon osasuna eta eskubideen alde lanean eta borrokan jarraituko dugu. Horregatik guztiagatik, gertaera hau salatzeko enpresako langileek egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diogu jendarteari.