2024-12-19
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaLan heriotzak salatuko ditugu Nafarroan, irailaren 28 eta 29an

Lan heriotzak salatuko ditugu Nafarroan, irailaren 28 eta 29an

Lantokiz lantoki salaketa eguna egingo dugu irailaren 28an eta manifestazioa Iruñean, irailaren 29an, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuok deituta. Agerraldia egin dugu gaur, ekimenaren berri emateko.

2018-2019 ikasturtea hasi berria den honetan, Nafarroan lan-ezbeharren egoerak nabarmen okerrera egin duela salatu nahi dugu. Datuek diotenez, jarduera ekonomikoa eta langile kopurua baino gehiago hazten ari dira, eta azken hamarkadan jada ehundik gora dira heriotza eragin duten lan-istripuak. Aurten dagoeneko 15 dira hildakoak, hauetatik 11 azken bi hilabeteetan, horietako asko prekarietate egoera gordinean, edo erraz ekidin zitezkeen gertaeretan. Honez gero, 2018an joan den urtean baino gehiago dira bere lanpostuan bizitza galdu duten pertsonak.

Laneko heriotzak bestalde, iceberg-aren tontorra baino ez dira. Lan-istripu asko eta asko estatistika ofizialetatik kanpo geratzen dira, autonomo eta garraiolarienak, edo “in itinere”-ak kasu. Enpresariek askotan, mutualitateen laguntzaz eta ardurak saiheste aldera, lan-istripuak estali edo ezkutatzen dituzte. Besteetan berriz, ziurgabetasun egoeran dauden langileak dira gertakariak salatu ezin dituztenak.

Halaber, lan-gaixotasunen azpi-erregistroa eskandalagarria da. Iturri batzuen arabera, lan-istripuan hildako langile bakoitzeko 35 langile hiltzen dira lan-gaixotasunen ondorioz. Nafarroan aldiz, lanarekin lotutako 7 minbizi kasu soilik jaso dira azken bost urteetan. Ondorioz, argi dago datuak ez datozela inolaz ere errealitatearekin bat, zer esanik ez sektore feminizatuetan ematen diren eritasunei dagokienean.

Baina, zer ari da gertatzen?

1. Lan-harremanetan estrukturala bihurtu diren prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa daude oinarrian: erreforma laboralak, lan-baldintzen atzerakada, aldi-baterakotasuna, kontratazio partzialak, gehiegizko lan erritmoak… Horrela, lan-istripuen erdia lehen bi hilabeteetan ematen dira, eta hildakoen herena azpikontratetan.

2. Lan osasunera bideratutako gastu publikoa oso urria da. Arlo honetara bideratutakoa Nafarroako aurrekontu osoaren %0,03 inguru besterik ez da, eta erdia baino gehiago eragile sozial jakin batzuen jarduera bermatzera doa. Patronala eroso dago, akordioak galerazten dituen bitartean (prebentzio ordezkarien prestakuntza bermatzeko akordioari ezezkoa eman baitio), arlo honetako dirulaguntza publikoak jasotzen dituelako.

3. Erakunde publikoek beste aldera begiratzen dute. Ez dute enpresarien interesen aurka egin nahi, eta arau hausteak etengabeak izanik, ez dago behar adinako kontrol eta zigorrik. Ikuskari eta Gizarte Segurantzaren eskumena estatuaren esku dago oraindik, eta inspektoreen ratioa Europako bataz-bestekoaren erdia da. Gainera, enpresentzat errentagarriagoa da askotan isunak ordaintzea neurri eraginkorrak ezartzea baino.

4. Enpresariek haien irabaziak lehenesten dituzten heinean, lantokietako inbertsio falta erabatekoa da. Krisiaren aitzakian, segurtasun neurrietara bideratutakoa hutsaren hurrengoa izan ohi da. Langileon osasunaren kontura aberasten dira.

Zer eskatzen dugu?

1. Enplegu duina eta kalitatezkoa, etxera bizirik heltzeko eskubidea bermatuko duena. Erakunde publikoen ardura nagusienetakoa da hori, haien esparruan batez ere.

2. Lan osasun politikak errotik aldatzea. Eraginkortasun-eza frogatu duten elkar-hartze sozialarekin apurtu behar da, lan-osasunera bideratutako baliabide ekonomikoak handitu eta politika errealetara bideratu.

3. Enpresen gaineko kontrola areagotzea. Lan-istripu hilgarri gehienak harrapaketa edo erorketen ondorioz gertatzen dira. Jarduera arriskutsuen jarraipena egiteko ezinbestekoa da, lan-ikuskaritzaren eskumena Nafarroara eskualdatu, eta ikuskari nahiz Nafarroako Lan-Osasun Institutuko giza-baliabideak Europako bataz-bestekora berdintzea.

4. Lan-gaixotasunen gaineko iruzurra borrokatzea. Horretarako beharrezkoa da Nafarroan babes-sozialerako esparru propioa garatzea.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuok lan-istripuei erantzun bateratua emateko elkarlanean dihardugu. Halaber, egoeraren larritasuna eta borondate politiko falta ikusirik, honako bi ekimen hauek iragartzen ditugu:

• IRAILAK 28, OSTIRALA, SALAKETA EGUNA LANTOKIETAN

• IRAILAK 29, LARUNBATA, ARRATSALDEKO 18:30ETAN IRUÑEko autobus geltoki zaharretik abiatu eta udaletxe parean bukatuko den MANIFESTAZIOA.

Mobilizazioa eta ekintza sindikala dira egoera aldatzeko ditugun tresna eraginkorrenak, horregatik PRECARIEDAD=PELIGRO MORTAL. GEURE OSASUNAREN ETA BIZITZAREN DEFENTSAN lemapean egingo den mobilizazio honetan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu Nafarroako langile eta gizarte osoari.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.