2024-11-22
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaBi langile hil dira lan istripuz, 24 ordutan

Bi langile hil dira lan istripuz, 24 ordutan

Atzo, lanean hildako beste langile baten heriotzaren berri izan genuen. Martxoaren 6an 46 urteko Michelin- Gasteizko enpresako langile batek bihotzekoa izan zuen goizaldeko lauetan lanean zegoela, eta zoritxarrez, hil egin zen atzo. Gaur berriz, garraiolari batek lan istripua izan du, Nafarroako AP 15 errepidean Garinoain inguruan, kamioia errepidetik aterata, eta horren ondorioz, hil egin da.

Lehenik eta behin, elkartasuna eta besarkada bat bi langileen senitarteko, gertuko eta lankideei momentu latz hauetan. Honekin batera, azpimarratu behar dugu dagoeneko 19 dira gutxienez aurten Euskal Herrian lanean hildako langileak, beraz, instituzioek lan istripuen arazoari behingoz behar bezala heltzeko garaia dela.

Michelingo kasuan istripua ez-traumatikoa izan da, baina argi esan behar dugu hauek ez direla kasualitatez gertatzen, askotan lan baldintzekin, lanean ematen diren erritmoekin, txandakako ordutegiekin eta abarrekin lotuta egoten direlako.

Aldi berean, salatu nahi dugu bihotzekoa izan zuen momentuan, goizaldeko laurak inguru, ez zegoela medikurik enpresan. Hortaz, gogorarazi nahi dugu Lan Ikuskaritzak 2012ko ebazpen batean jakinarazi ziola Michelini mediku bat egunero eta egun osoz egotearen beharra, argi azalduta, bestela ez zela osasun arreta bermatzen. Bost urte geroago hori ere bete ez duela ikusita, LABek Michelini dei egiten dio horixe betetzeko eta mediku bat enpresan momentu oro egotea, baita desfribilatzaileak jartzeko ere.

Garraiolariaren kasuan, agerian gelditzen da garraioa urtero istripu ugari eta osasun galera izaten dituen sektorea dela. LABek behin eta berriz aldarrikatu eta salatu du sektore honetan lan baldintzak, jardunaldi luzeak, itxoite denborak eta merkantzia, langileen osasunaren gainetik jartzen direla. Horregatik diogu sektore honetako lan baldintzak aldatu, kontrolatu eta zuzendu behar direla, administrazio eta enpresen aldetik.

Horregatik, baldintza egokietan dauden lanpostu duinen alde eta osasuna kentzen edo kaltetzen ez duten lanpostuen alde borrokatzen jarraituko dugu, eta prebentzioa eta langileen osasuna lehentasuna izango dituen enplegu politika baten alde.

Modu berean, dei egiten dugu salaketa eta antolatuko diren ekimen guztietan parte hartzera.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.