2024-12-23
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaLAB eta ELAk lan mundua euskalduntzeko egitasmo berri bat martxan jarri dugu

LAB eta ELAk lan mundua euskalduntzeko egitasmo berri bat martxan jarri dugu

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuingurua baliatuz, ELA eta LAB sindikatuek eskaini dute gaur, hilak 29. Berta lan mundua euskalduntzeko elkarlanean garatuko duten egitasmo baten berri eman dute, euskararen normalizazioarekiko bi sindikatuok dugun konpromisoa berretsiz. Urola Kostan jarriko dugu martxan ekimen pilotu hau eta lan mundua euskalduntzeari begira, LAB eta ELAko militanteek elkarrekin garatuko dugu. Eskualdeko 10-15 enpresatan garatuko dugu egitasmoa, eskualdeko herri nagusi guztiak bustiz eta enpresa tamaina zein izaera anitzak inplikatuz.

LAB eta ELAren irakurketa:

Euskararen Eguna gure hizkuntzaz, euskaraz, harro egoteko eguna da; euskarak gure bizitzetan duen tokiari erreparatzeko eguna; atzera begiratu eta euskararen normalizazioak egindako ibilbideaz gogoetatzeko eguna; eta baita aurrera begiratu eta erronka berrien aurrean, konpromiso berriak hartzeko eguna.

Horregatik, Euskararen Nazioarteko Egunaren testuingurua baliatuz, ELA eta LAB sindikatuak prentsaren aurrean elkarrekin atera gara, lan mundua euskalduntzeko elkarlanean garatuko dugun egitasmo baten berri emateko, euskararen normalizazioarekiko bi sindikatuok dugun konpromisoa berretsiz.

Egitasmoaren ezaugarri nagusiak, langileon ikuspegitik:

• Langileok protagonista izango garen egitasmoa, euskararen normalizazio prozesuaren subjektu eta eragile aktibo izan behar baitugu lan munduan. Era berean, lan munduko gainerako subjektuekin zubi lanak egingo dira.

• Langileok ditugun hizkuntza eskubideak lan eskubideen baitan ulertzen ditugun neurrian, gure Ekintza Sindikalaren bidez eragitea izango da helburua.

• Euskararen normalizazioan konpromisoa hartu nahi duen langile guztiei zabalik egongo da egitasmoa. Langileon artean, euskalduntzearen aldeko jarrera hegemonikoa bilakatzea dugu helburu.

• Lan munduaren euskalduntze integrala da gure erronka: helburuak definitu eta prozesu arautu, sistematizatu, ordenatu zein partekatuen bidez betetzea sustatuko dugu.

• Ezagutza eta erabileraren arteko jauzia lineala ez dela gauza jakina denez, erabilera ardatz, euskararen aldeko sustapena egingo dugu.

Ingurumari honetan, bi sindikatuok HAKOBA-ren (Hizkuntza Politika gaietarako, Herri Aginteen arteko Koordinazio Batzordearen) gonbidapena jaso genuen, “edonork sinatzeko moduko Adierazpen bati atxikimendua eman” eta argazki batean ateratzeko proposatuz. Zinez uste dugu euskarak konpromisoak behar dituela eta horregatik honako 4 hausnarketa plazaratu nahi ditugu:

• Bi sindikatuok ez dugu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin hartu emanik Hizkuntza Politika gaietan, LanHitz akordioa apurtu eta Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzen kudeaketa hutsera mugatu zuenetik egitasmoa. EAE-ko Hizkuntza Politikan ez dituzte langileon hizkuntza eskubideak kontutan hartzen eta langileon ordezkariak garen sindikatuen ondoan argazkia atera nahi dute, zertarako? Langileok lan mundua euskalduntzeko konpromisoak hartu ditugu eta gure bidea egiten ari gara.

• Adierazpenak norberak hartu ditzakeen konpromiso indibidualak azpimarratzen ditu, Herri Aginteek eta kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak, duen erantzukizun politikoa maila berean jarriz. Euskararen normalizazioak izan duen bultzada eraginkorrena herri ekimen zein langileen aldetik etorri dela kontutan hartuta, ezin ditugu maila berean kokatu instituzio eta herritarron erantzukizuna, hizkuntza eskubideak bermatzeko orduan. Ezta euskararen egunean ere.

• Gonbidapenean, edonork atxikimendua emateko dokumentua proposatu dutela azpimarratzen dute. Honek testuaren edukia erabat lausotu du eta Jaurlaritzak ez du egiazko konpromiso politikorik hartzen. Bada, Euskararen Legeak 34 urte bete dituen honetan, normalizaziotik urrun egonik, euskarak konpromiso eta borondate politikoa behar dituela aldarrikatu nahi dugu.

• Lan mundua euskaldunduko bada, subjektu guztion elkarlana ezinbesteko da. Langileok baldintzak sortzen jarraituko dugu bide horretan aurrera egiteko, konpromisoen gaineko bide berriak indartuz.

Euskara egoera minorizatuan dago, euskaldunon hizkuntza eskubideak etengabe urratzen dira. Egoerari honi buelta emateko guztion hizkuntza eskubideak bermatuko dituen hizkuntza politika berri bat behar dugu, ahalik eta adostasun maila zabalenean oinarrituko dena baina inori beto eskubiderik onartuko ez diona. Guztiok argazki batean kabitzeko garaiak dira edota euskararen aldeko konpromisoak gehiengo zabal batek hartzeko garaiak?

Langileok prest gaude lan mundua euskalduntzeko prozesu, dinamika edota ekimen errealetan subjektu eta eragile aktibo izateko; langileok prest gaude konpromiso berriak hartzeko; langileok prest gaude euskararen normalizazioaren aldeko gehiengo sozialarekin konpromiso berriak hartzeko. Eta horretara goaz!

Norabide horretan, gaurkoan, ELA eta LAB sindikatuak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluarekin elkarlanean, lan mundua euskalduntzeko martxan jarriko dugun egitasmo pilotua aurkeztu nahi izan dugu.

Lan mundua euskalduntzeko egitasmo pilotua:

• Euskara Erakundeen Gizarte Kontseiluak, ELA eta LAB sindikatuak elkarlanean garatuko dugun egitasmoa.

• Urola Kosta eskualdean praktikan jarriko dugun egitasmo pilotua da.

• Eskualdeko 10-15 enpresatan garatuko dugu egitasmoa, eskualdeko herri nagusi guztiak bustiz eta enpresa tamaina zein izaera anitzak inplikatuz.

• ELA eta LAB sindikatuetako militanteek (eskualdeko ordezkaritza kontutan hartuta) elkarrekin garatuko dugu ekimena lan zentroetan eta horretarako gune bateratuak sortuko ditugu. Langile guztiei ateak zabalik.

• 2017. urtarriletik aurrera garatuko dugu ekimena: formazio tailerra, enpresaren diagnosia, lehentasunak identifikatu eta lan mundua euskalduntzeko ekintza sindikala martxan jarriko dugu.

• Dinamika honen protagonistak langileak izango badira ere, lan munduko gainerako eragileekin hartu emanean arituko gara. Zubi lan hori Kontseiluak egingo du.

• Lan mundua euskalduntzeko nahia eta aldarria, herritar eta eragileekin partekatuko dugu. Lan mundua euskalduntzeko aldarria enpresatara eta herrietara eramango dugu.

• Egitasmoaren baitan adosturiko plangintza betetzean, balorazioa egin, sorturiko baldintza berriak landu eta urrats berriak aztertuko ditugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...