2025-04-10
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaEuskararen normalizazioa, etorkizuneko inbertsioa da

Euskararen normalizazioa, etorkizuneko inbertsioa da

Imanol Arruabarrena eta Edurne Agirre – LABeko Osakidetzako kideak

Aste honetan egunkari batean irakurri ahal izan dugu honako “albistea”: Osakidetzak euskara ikasten ari diren langileak ordezkatzeko zazpi miloi “gastatu” omen ditu azken hiru urteetan. “Gastua” omen da. Aldiz, egunkari berdinean irakurri izan dugu Espainiako Gobernuak 978 miloi “inbertitu” dituela Abiadura Handiko Trena eraikitzeko. Bistan da hitz bakoitzaren atzean dagoen mezu ezkutua. Euskararen kasuan, dirua xahutu, galdu, egin da, onurarik ez omen dakarren kapritxo batean. Abiadura Handiko Trenaren kasuan, aldiz, jarritako diruzarra ondo jarria dago eta diru-jartzailearen borondate onaren erakusgarri da.

Merezi du gogoratzeak, hamaikagarren aldiz, euskal herritarrok herri honetako berezko hizkuntza den euskara ikasi eta hizkuntza horretan normaltasunez bizi ahal izatea posible egiteko bideratzen diren bitartekoak inbertsio beharrezko eta emankorrak eta eraginkorrak direla. Are gehiago, euskal administrazio publikoan euskararen egoera normalizatzeko, administrazioaren lan zein komunikazio hizkuntza bilakatzeko, bertako langileok euskaraz naturaltasunez lan egiteko eta herritarrei zerbitzua emateko bitartekoak ezinbesteko inbertsio dira.

Euskara bigarren mailakoa da administrazioan eta bestelako inbertsioak beharrezkoak izan ez daitezen, lan mundua euskalduntzeko egin daitekeen inbertsiorik eraginkorrena euskara normalizatzea da. Hortaz, arazoaren muinera jo behar:

• Derrigorrezko irakaskuntzak belaunaldi berriak euskaldundu behar ditu, euskaraz lan eta bizitzeko gaitasuna izango dutenak. Horretarako, ezinbestekoa izango da euskalduntzen duen hizkuntza eredua aplikatzea.
• Lanbide Heziketak eta Goi-Ertain mailako ikasketak euskaraz osoki egiten direla bermatu behar da, edozein espezialitate izanik ikasleak aukeratzen duena (tartean, medikuntza ikasketak). 
• Bitartean, erdaraz eraiki diren instituzio, erakunde zein zerbitzuak euskalduntzeko inbertsioak egitea ezinbestea izango da, baita langileak ere, baina zerbitzuaren euskalduntzea langileetara mugatu gabe.

Azkenik, esan beharra dago, betikoen erasoen gainetik, Osakidetzako langileon euskalduntzea lortzeari begira egiten diren inbertsioak ez direla, urrutitik ere, behar adinakoak. Euskararen normalizazioan benetako inbertsioa egiteko garaia da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Nafarroako Artxibo Garaikideari bere dokumentazio eta kartelen zati baten lehenbiziko dohaintza egin dio

50. urteurreneko ospakizunen harira eta, batez ere, Nafarroako Parlamentuan otsailean izan zen 1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketaren harira hasitako artxibo lanean sakontzeko, LABek bertze urrats bat egin du gaur langile borrokan eginiko bere ekarpenaren memoria gordetzeko asmoan, Nafarroako Artxibo Garaikideari eginiko lehenbiziko dohaintza baten bidez; zenbait dokumentu eta kartel eman dizkio.

LABek Aiala Vidrioren inposaketa salatu nahi du negoziazio prozesuan

Aiala Vidrioko zuzendaritza lan hitzarmen berria negoziatzeko prozesuaren hasieran erakusten ari den jarrera erabat onartezina dela uste du.

Nahikoa ez den akordio proposamenaren aurrean, grebara joko dute berriro EAEko hezkuntza publikoko irakasleek

Hezkuntza Saila idatzizko proposamena mahai gainean jartzera behartu duten arren, greba dinamikarekin aurrera egitea besterik ez dute. Horrela, bost greba egun egingo dituzte, maiatzaren 12tik 16ra.