Agerraldi bat egin dugu Gasteizen, azken hilabeteetan Araban izan diren hiru egoera zehatz salatzeko. Hain zuzen ere, Palacio Elorriaga Hotelean, langile bat kaleratu dute haurdun egoteagatik; Arabako Foru Aldundiak azpikontratatutako enpresa batean, sexu eraso saiakera bat gertatu da; eta Transportes Hombres Barreira enpresan, sexu jazarpen kasu bat izan da.
LABek agerraldi bat egin du Gasteizen, lan munduan indarkeria matxista eta emakumeenganako diskriminazioarekin lotutako hiru egoera salatzeko.
Tamalez ez dira kasu isolatuak, ez dira ematen diren lehenak, ezta azkenak ere.
Lan munduan, emakumeok diskriminazio eta indarkeria egoerei aurre egiten diegu egunero. Baina ez dira kontatzen, ez dira salatzen, ez dira ezagutzera ematen.
Emakumeon aurkako indarkeria sistema heteropatriarkalaren tresna da gu isilarazteko, obedienteak izateko eta ezarritako genero roletan mantentzeko. Indarkeria matxista lan munduan, jendartean ematen denaren isla da. Botere harreman eta harreman hierarkikoekin gurutzatzen da eta horrek indarkeria detektatzea eta salatzea eragozten du.
Horrela, indarkeria ezkutuan gelditzen da, ez baita erraza salatzea. Horren atzean gu babesten ez gaituen sistema oso bat baitago. Lana galtzeko beldurra eta mehatxua errealitatea da. Gure hitza etengabe zalantzan jartzen da. Horren ondorioz, lantokian gure alde testigantza eman dezakeen norbait aurkitzea ezinezko bilakatuz.
Erasotzaileen inpunitatea lan munduan nahi genukeen baino maizago gertatzen da. Alde batetik, enpresek babesten dituztelako, eta, bestetik, enpresariak beraiek direlako erasotzaileak.
Sexu jazarpenaren aurkako protokoloak ez dira egiten edo eta martxan jartzen enpresetan, honela jazarpen kasuak egotea erraztuz eta inpunitateari mesede eginez.
Salatzen direnean berriz, protokoloak egonda ere, ez dira modu egokian aplikatzen. Salaketa jarri duen emakumearen hitza zalantzan jartzeaz gain, babesik gabe eta erasotzailearengandik urrundu gabe jarraitzea, eguneroko ogia dira, nahiz eta ikusi nahi ez izan.
Aldi berean, enpresen aldetik ez dira kontziliaziorako benetako neurriak ipintzen, ezta erantzukidetasuna sustatzen ere, haurdun egoteagatik edo ama izateagatik emakumeak kaleratuak izaten jarraitzen dute eta.
LABetik, ez dugu kasu bat bera ere pasatzen utziko. Kasu guztiak eta enpresa guztiak salatuko ditugu. Salaketak ipintzen dituzten emakumeak babestu, lagundu eta beraien ondoan izango gaituzte, jakin badakigulako sistema gure beldurrez baliatzen dela salaketa jartzeko momentuan. Izan ere, gure hitza zalantzan jartzen da, gure gain uzten da gertatutakoaren erantzukizuna eta oztopoak jartzen zaizkigu gure aldeko testigantzak jasotzeko, hau guztia lana galtzearen mehatxua erabiliz, botere harremanen ondorioz.
Gu ordea saretuta gaude, emakumeen sareak sortu ditugu gure artean elkar defendatzeko, babesteko eta laguntzeko.
Hala, eraso horiek erantzungo ditugula esan behar dugu. Erasoak salatzera animatzen ditugu emakume guztiak. Lan ikuskaritzari zein erakunde ezberdinei egoera hauen aurrean neurri prebentiboak martxan ipintzea exijitzen diegu. Enpresei, sexu jazarpena zein diskriminazioa ekiditeko protokoloak martxan jar ditzatela exijitzen diegu, lantokiak gune libreak izan daitezen, indarkeria matxista zein diskriminaziorik gabekoak.
Hiru adibide
Hauek dira, hain zuzen ere, LABek gaurko agerraldian salatu dituen kasuak:
1- Joan den urteko irailaren 25ean, Palacio Elorriaga Hotelak, zazpi urteko harremana eta gero, haurdun egoteagaitik langile bat kaleratu zuen. Hotelak emakumeak bere haurdunaldia enpresari jakinarazi eta bi aste barru notifikatu zion kaleratzea. Langileak kaleratzea salatu zuen, eta urtarrilaren 22an epaiketa ospatu egin zen. Momentuz, epaiaren zain gaude.
2-Joan den urteko azaroaren 2an, sexu eraso saiakera bat egon zen Arabako Foru Aldundiko azpikontrata baten langile baten aldetik, enpresa horretako emakume langile baten aurka. Emakume langileak salaketa jarri zuen, eta erasotzailea koakzio delitu arin batengatik zigortu dute, urruntze agindu bat ezartzeaz gain. Hala ere, enpresak ez du inolako neurririk ipini halako egoera bat berriro gerta ez dadin. Honi gehitu behar zaio, ez Aldundiak eta ezta segurtasun enpresak ere, ez dutela protokolo zehatzik sexu jazarpena edo sexuaren araberako jazarpena saihesteko.
3-Transportes Hombres Barreira enpresan hilabetez eman da sexu jazarpen kasu bat emakume langile baten aurka, zenbait lankide eta arduradunen aldetik. Denboran luzatu da egoera, emakume langilearentzat jasangaitza izan den arte, eta dagokion salaketa jarri arte. Transportes Barreirako zuzendaritza konplize bilakatu da egoera honetan, ez baitu ezer egin egoerari amaiera ipintzeko; langilea babesteko, erantzukizunak egokitzeko eta halako zerbait berriro gerta ez dadin neurriak jartzeko, alegia. Gainera, enpresak emakume langilearen datu pertsonalak jazartzaileen esku uzteko bidea erraztu du, eta, modu horretan, jazarpenak iraun dezan lagundu du.