2024-12-23
HomeEmakumeakMartxoak 8"Emakume askeak, herri libre eta feminista batean, hori da borrokatuko duguna"

“Emakume askeak, herri libre eta feminista batean, hori da borrokatuko duguna”

Martxoaren 8a gorriz markatuta dugu sindikatuaren agendan. Hain zuzen ere, martxan jarri gara greba feminista prestatzeko eta, hitzordu garrantzitsu hori ardatz hartuta, LABeko emakumeon batzarra egin dugu gaur Donostian, Eureka museoan.

Sindikatuko emakumeak greba feministaren prestaketa lanetan ibili gara azken hilabeteotan, eta egun horretara begira zein ekarpen egin dezakegun gogoeta egiten ari gara. Hain justu, gogoeta hori konpartitu dugu gaurko batzarrean.

Beharrezkotzat jo dugu emakume langileok pairatzen dugun egiturazko diskriminazioari ikusgarritasuna ematea, diskriminazio hau sektore guztietan gertatzen baita. Hala, “Kapitala hautsi-bizitzari eutsi” leloa aukeratu dugu, eta are eta urrutiago joatea izango da gure apustua martxoaren 8ra begira: greba egiteko arrazoietan sakonduko dugu, 2019ko Euskal Herria oinarri hartuta, aldarrikapenak berrosatuz eta zehaztuz. Jakin badakigulako nondik gatozen, gure genealogia feministak aitortuz, baina jakin ere badakigulako nora goazen: zer nahi dugun lortu eta nola nahi dugun lortu.

LABetik ez dugu zalantza izpirik izan greba feministarekin bat egiteko, egoera, hobetu baino, okertu egin delako. Sistema kapitalista saiatu da, bere tresneria guztiarekin, gure diskurtso, lelo eta salaketak bere egiten. Kapitala morez jantzi da, mahaiaren alde berean eserita gaudela sinestarazteko.

Batzarra ere sektore feminizatuetan aurrera eramaten ari garen borrokak balioan jartzeko baliatu dugu. Sektore feminizatuen egoera, soldata arrakalaren eragina, emakumeok pairatzen dugun prekarietatea eta zaintza lanen karga izan ditugu hizpide, emakumeon lana eta borroka aitortzeko.

Garbiñe Aranbururen hitzartzea
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza batzarrean. hauxe izan da bere hitzartzea:

M8rako Euskal Herriko Mugimendu Femnistak eginiko greba deialdiarekin bat egiten du LAB sindikatuak. LABek Kapitala hautsi, bizitzari eutsi! Lelopean greba feministara deitzen deitu emakume langileak.

Greba feministaz ari garenean, sistema kapitalista–heteropatriarkala auzitan jarriko duen grebaz ari gara. Emakumeok bazterketa estrukturala pairatzen dugu eta sistema honek ustiatzen, zapaltzen, gaixotzen eta hiltzen gaitu.

Emakumeon kontrako indarkeria matxistak ez du etenik, eta ez dago berme nahikorik, ez legalik, instituzionalik, ez judizialik emakumeok pairatzen dugun egoera honekin amaitzeko. Gainera, emakumeoi bereziki eragiten digun bizitzaren prekarizazio prozesuak ere ez du etenik.

Erantzun soziala gero eta handiagoa da. Emakumeok, gero eta gehiago, antolatzen, saretzen eta gure indarrak batzen ari gara. Azken urte hauetan eta, batez ere azken urtean, mugimendu feminista indartzen ari da. Lan munduan ere sektore feminizatuetako borrokak ugaritzen ari dira.

Feminismoa indartzen ari da, eta sistema kapitalista horren jakitun da. Borroka hori asimilatu eta indargabetzeko helburuz, zeharkako eta zuzeneko bideak darabiltza. Gure diskurtso, salaketa eta aldarrikapenak bereganatu nahi ditu, edukiz hustu. Kapitala morez jantzi da, gure borroka asimilatu eta indargabetzeko helburuz.

Ultraeskuinaren eta faxismoaren gorakadak feminismoaren kontrako eraso zuzenagoa ekarri du, behar izanez gero gezurrak erabili eta indarkeria matxista ukatzeraino.

Emakumeok kalean gaude eta kalean jarraituko dugu, indar gehiagoz. Iaz plantorako deia egin genuen eta aurten urrats bat gehiago ematera goaz 24 orduko grebarekin.

Grebarekin batez ere, zaintza eta aitortu gabeko lanak jarri nahi dira erdigunean. Era berean, LABek generoaren araberako lanaren banaketak lan munduan emakumeongan sortzen dituen diskriminazio eta zapalketa egoerak ikusarazi nahi ditu. Emakumeok egiten ditugun lanei balio eta aitortza sozial txikiagoa ematen zaie eta ondorioz:

-Diskriminazioa kontratazioan eta lan baldintzetan, lanaldi partzial inposatuak, soldata arrakala etab. Iaz soldata arrakalarekin enpresariak interpelatu genituen batez ere eta aurten instituzioak ere interpelatuko ditugu.

-Lana, familia eta bizitza pertsonalaren kontziliaziorako ez dago ez neurri egokirik, ez neurri nahikorik. Ezta korrespontsabilitatea posible egingo duen neurririk ere.

-Indarkeria matxista, lantokietan ugari ematen da.

-Eta honi guztiari buelta emateko balio ez duten berdintasun plan hutsalak aurkezten dizkigute enpresatan, porrota diren berdintasun planak.

Grebak egoera horiek guztiak borrokatzeko baldintzak hobetzen lagunduko du.

Sistema hau eraldatuko badugu, bizitza erdigunean jarriko duen diskriminaziorik gabeko eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikiko badugu, demokratizazioan urratsak ematea ezinbestekoa da.

Afera politikoa da. Gure gorputzen gaineko erabakiak hartu nahi ditugu. Guztia erabaki nahi dugu. Emakume askeak, herri libre eta feminista batean, hori da nahi eta eskatzen duguna! Eta hori da borrokatuko duguna.

Ez gara pribilegioez ari. Gure eskubideak dira. Horregatik, martxoaren 8an, guk, emakumeok, GREBA FEMINISTA!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...