2024-09-26
HomeMaiatzaren Lehena 2015Internazionala harri eta egur txalaparta bertsioan

Internazionala harri eta egur txalaparta bertsioan


LAB sindikatuaren eskariz, Hutsun Txalaparta Taldeak harri eta egur txalapartarekin Internazionalaren bertsio bat grabatu berri du. Txalaparta Euskal Herriko musika tresna da, dirudienez sagardogileek sagarrak txikitzean egindako jolasaren bidez sortua. Txalapartak elkartzeko deia zabaltzen du lau haizetara, festarako edota borrokarako.

LAB sindikatua 1975ean sortu zen Espainiaren menpe dauden euskal herrialdeetan (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa), euskal langileen askapen sozial eta nazionalaren alde borroka egiteko. 2000. urtetik aurrera, Frantziaren menpe dauden euskal herrialdeetan ere (Lapurdi, Nafarroa Behera, Zuberoa) aritzen da. Egun Euskal Herriko sindikatu nagusietako bat da eta lurralde osoan ordezkaritza duen bakarra. FSM-WFTU mundu mailako federazio sindikalaren kide aktiboa da.

Bideo hau Nafarroako leku ezberdinetan grabatu da; azken irudiak, Iruñeko Gaztelu Plazan. Iruñea izan zen Nafar Estatuko hiriburu, Gaztelar Armadak 1512an indarrez konkistatu zuen arte. Iruñea da LABek proposatzen duen Euskal Estatu Sozialistaren hiriburu. Euskal herritarren, nafar herritarren, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du LABek, aldaketa soziala gauzatu ahal izateko.

Mundu osoko langileek bere egin duten kantua da Internazionala. Jatorrizko letra, frantsesez, Pariseko Komunako hautetsi Eugène Pottierrek idatzi zuen 1871n. 1888an Pierre Degeyterrek musika ezarri zion. 1892an II. Internazionalak ezagun egin zuen kanta eta ereserkitzat hartu zuen. 1910eko azaroaren 3an mundu osoko langileen ereserki bihurtu zen Copenhageko Kongresu Internazionalean. 1919an III. Internazionalak bere egin zuen eta Sobietar Batasuneko ereserki nazional bihurtu zen, 1943. urterarte. Munduko hizkuntza gehienetan kantatua izan da, tartean euskaraz. Edukiari dagokionez bertsio komunistak, anarkistak nahiz sozialistak egin dira. Bertsio hau, mundu osoko langileei eskainitako omenaldia da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak aldatu behar direla

EAEko parlamentuan gaurko egunez EAJ, EHBildu eta PSE alderdiek onartu duten akordioak baieztatu egiten ditu sindikatutik eremu horretan salatu izan ditugun arazoak.

Garraiolari bat hil da lan-istripuz Nafarroan

Gaur goizean langile gipuzkoar bat zendu da gai arriskutsuak garraiatzen ari zela Lodosan. 2024an dagoeneko 10 garraiolari hil dira Euskal Herrian. Orotara, 43 langile hil dira lan istripuz, laneko gaitzak aintzat hartu gabe.

Enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Joan den irailaren 23an, EHLABEk, enplegu-zentro berezien patronalak, Mikel Torres EAEko lehendakariordearen eskutik, sei urteko gizarteratze eta laneratze proiektua aktibatu zen. Honen helburua aniztasun funtzionala duten 2.000 pertsona baino gehiago prestatzea, gizarteratzea eta laneratzea da; Lan-Aukera izena eman zaio, eta Europar Batasunak finantzatuko du, 10 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.